Prostituzioan diru arazoengatik hasi zirela kontatu dute, edota prostituzioa arautzea guztiontzat onuragarria izango litzatekeela azaldu dute.
Prostituzioan hastea
Emakundek egindako azterketaren arabera, arrazoi ekonomikoak bultzatuta etortzen dira Europara emakume asko prostituzioan aritzera. Emakume batzuk jatorrizko herrialdean utzi duten familiari laguntzeko jarduten dute, edo bere buruari laguntzeko. «Horregatik hasi behar izan nuen lanean, Peruko bankuari ordaindu beharreko mailegu batek behartuta», jasotzen da Emakunderen txostenean. Antzeko beste adibide bat ere badago: «Gaur egun egiten ari naizena, nire haurrengatik egiten dut, ongi bizi daitezen eta lanbide bat izan dezaten».
Diru premia beste arrazoi batengatik izan daiteke: Europara etorri ahal izateko bidaia ordaindu ahal izatea. «Hona etortzeko, 15.000 euro ordaindu nituen. Bidean gentozela, han egin behar genuen, garraioa ere ordaindu egin behar genuen... Gastu pilo bat sortzen dira. Bestalde, mota askotako nagusiak daude. Batzuk gaiztoak dira oso, iritsi orduko ordaindu behar diezu... Eta ordaintzen ez badiezu, litekeena da zure etxera joatea eta gurasoei kalte egitea». Ordaindu behar duten kopuruen artean, 3.000 eta 40.000 euro artekoak aipatzen dituzte. Batzuk lagunen edo familiaren laguntza izaten dute bidaia ordaintzeko, eta horrelakoetan diru kopuru txikiagoa ordaindu behar izaten dute.
Emakundek bildutako testigantzek agerian uzten dute prostitutek bazekitela zertara zetozen Europara. «Nik banekien zertara nentorren Espainiara, nolakoa izango zen, zenbat diru ordaindu beharko nuen... Ez dut inolako arazorik izan».
Bertako emakumeei dagokienez, prostituzioan jarduteko arrazoiak bikotekideekiko mendekotasun ekonomikoarekin harreman handiagoa dute pobrezia egoerekin baino. «Banandu nintzenean hasi nintzen prostituzioan. Aurrera atera beharra neukan. Beraz, etxetik ihes egin eta klub batean hasi nintzen lanean».
Jarduera esparruaren arabera, aldatu egiten dira prostituzioan aritzen diren emakumeen lan baldintzak. Hala, kalean egiten den prostituzioa arriskutsuena dela diote emakumeek. «Ezin duzu jakin bezeroa nolakoa den: drogazalea, hiltzailea, jipoitzailea, lapurra... Normalean, autoan igo aurretik eman behar izaten digute dirua...». Kalean aritzen diren emakumeek polizia babesle gisa ikusten dute. «Gasteizen polizia zintzoa da. Batzuetan, gugana hurbildu eta berriketan geratzen dira pixka batean».
Klubetan diharduten emakumeek azaldu dutenez, nagusiekin partekatu behar izaten dituzte irabaziak. Hori hala bada ere, segurtasun handiagoa dutela nabarmentzen dute. «Zerbitzariak eta segurtasuneko langileak egoten dira, eta segurtasuna handiagoa izaten da». Klubetan aritzeak badu bereizgarri bat: drogak (batez ere kokaina) kontsumitzeko arrisku handiagoa dago. Bezeroak izaten dira droga eskaintzen dietenak, eta, zenbaitetan, drogen bitartez ordaintzen da. «Bezeroek batzuetan drogak ekartzen dituzte, eta eskaini egiten dizkigute. Baina nik ez dut hartzen».
Pisuetan jarduten duten prostitutek segurtasuna eta bezeroen diskreziorako aukera nabarmentzen dituzte. Askotan, haiek kudeatzen dituzte pisuak, nagusirik izan gabe. Baina horrek badu beste alde bat: ordu asko egin behar izaten dituzte lanean, pisu askok 24 orduko zerbitzua eskaintzen dutelako. «Pisu askotan ordubetez bakarrik uzten dizute kalera irteten, eta ordu hori bakarrik izaten duzu ile apaindegira edo bankura joateko».
Giza harremanak
Atzerritik datozen emakume askok faltan botatzen dute familia, eta horrek bakardadea eta depresioa eragiten die. «Pisu edo klub batzuetan bakarrik zaude, eta ez oso ondo. Ez duzu ezer egiten eta bakarrik geratzen zara, itxita, zure herrialdetik eta familiatik urrun».
Harreman afektiboei dagokionez, prostituzioan aritzen diren emakumeek aitortzen dute zaila egiten zaiela bikotekidea izatea. Sarri, leku batetik bestera ibiltzen dira, eta horrek areagotu egiten du bikotekidea izatearen zailtasuna. «Duela lau urte izan nuen bikotekidea, baina oso zaila da prostituzioa eta bikotea edo maitasuna uztartzea».
Lankideekiko harremanetan, zenbaitetan jeloskortasun arazoak izaten dituztela aitortu dute, batek besteari bezeroa «kentzen» diolako. Prostituzioaren munduan ez dihardutenei buruz gizartean moral bikoitza dagoela esaten dute. «Jendeak aurreiritziak ditu, Prostituzioan aritzen garela jakin bezain pronto, aldatu egiten dute gurekiko jarrera».
Prostituzioa arautzea
Prostitutek langiletzat dute euren burua, eta oraindik pauso hori eman ez duten arren, eskubideak defendatzeko taldeak sortzearen aldekoak dira. «Gu ere langileak gara. Ondo legoke elkartzeko zentro bat sortzea eta bertan hitz egiteko aukera izatea, beste edozein langilek bezala».
Prostituzioa lanbidea da sektore horretan aritzen diren emakumeentzat, eta sektorea arautzeak eta araudia izateak beren segurtasun eta higiene baldintzak hobetu egingo lituzkeela agertu dute. «Agian hobea litzateke guztiontzat [prostituzioa legeztatzea]. Bai, zergak ordaindu ahal izango balira, hobeto geundeke, ez legoke arazorik».
1 comentario:
Hola me encanta tu blog!!! Todo es perfecto, las letras los kolores, als fotos.... Sigue asi, porque tu lo bales!
Publicar un comentario