2008-01-16

Prostituzioa eskaintzen duten etxeen kopurua gora



1.820 emakume aritzen dira prostituzioan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Emakundek egindako azterketak dionez


Prostituzioa gero eta gehiago egiten da etxe pribatuetan, eta kaleko jarduera nabarmen jaitsi da azken urteotan. Hori da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako prostituzioaren egoeraren inguruan Emakundek egin duen azterketaren ondorio nagusia. Oro har, 1.820 emakume aritzen dira prostituzioan, orain dela bost urte baino %2 gehiago. Era berean, prostituta gehienak atzerritarrak dira. Datu zehatza lortzea zaila egin zaie, Emakundeko zuzendari Izaskun Moiuak azaldu zuenez, baina atzerritarrak izango dira %85-90 inguru.




Gaur egun 211 pisutan prostituzio jarduerak egiten dituzte. Orain dela bost urteko kopuruekin alderatuz gero, %60 hazi da prostituzio jarduerak egiten diren etxeen kopurua.

Prostituitzeko pisuak %60 inguru hazi dira, baina bertan dihardutenen emakume kopurua %41 hazi da. Klubei dagokienez, orain bost urte baino gutxiago daude orain (%24 gutxiago), baina bertan lan egiten duten emakume kopurua mantendu egin da. «Gero eta makroklub gehiago daude hiri kanpoaldeetan, eta horregatik ez da emakume kopurua murriztu».

Kaleko prostituzioari dagokionez, nabarmen txikitu da jarduera horretan ari diren emakume kopurua; orain bost urte baino %68 gutxiago dira. Hain zuzen, kaleko prostituzioa jarduera «arriskutsuena» dela uste dute prostitutek berek. Bilbon, Gasteizen eta Galdakaon (Bizkaia) bakarrik ikusten da kaleko prostituzioa.


Nolabaiteko sailkapen bat egin zuen Emakundeko zuzendariak prostituzio taldeei dagokionez:

1. Sahara : nigeriarrak gehienak, oso gazteak (18 urte ingurukoak) dira, eta kalean egiten dute lan.

2. Latinoamerika: klubetan eta etxeetan egiten dute lan, eta brasildarrak dira gehienak. 18 eta 35 urte artekoak dira.

3. Ekialdeko Europa : gehienak errumaniarrak izaten dira, eta oso gazteak, 18 urte ingurukoak. «Mugitzeko arazo handiak izaten dituzte, beren proxenetek oso zorrotz zaintzen dituztelako».

4. Euskal Herria eta Espainia emakumeek: gazteak eta helduak izaten dira, eta klubetan eta etxeetan egiten dute lan.


Prostituten tipologia definitzerako orduan, trabesti eta transexualen kopurua azken urteetan nabarmen hazi dela ohartu dira Emakundekoak. Lehen, klubetan eskaini ohi zituzten zerbitzuak, baina azken urteetan asko hazi da emakumeak eta trabesti eta transexualak dauden pisu kopurua. Prostituzioan aritzen diren %5 inguru trabestiak eta transexualak direla dio Emakundek.

Kezkatzeko moduko ondorio bat ere atera du Emakundek, prostitutekin elkarrizketak egin ondoren: gero eta gehiago dira babes gabeko sexua egitea eskatzen duten bezeroak. Eta prostitutek eman egiten dituzte, batez ere frantsesa egitean. Ondoko lankideak bezeroak kentzen dizkiela ohartuta, besteak eskaintzen ez duena ematen die bezeroei prostitutak.

1 comentario:

Unknown dijo...

Iturriak, Berria.info pasa den 2008ko urtarrilak 10eo alegia zitatzea ezinbestekoa da